U27 | MOBILIZAZIOA

Gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan kalera irten gara hezkuntza bizitzen ari den ofentsiba kapitalistari aurre egin eta hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzeko. Ezer baino lehen, ordea, mobilizazio hau hemen amaitzen ez dela adierazi nahi dugu, erreforma garai honetan antolatzeko nahiz mobilizatzeko beharra agerikoa da, bidea ez da amaitu eta horretan jarraitu beharra daukagu.

Hezkuntza etengabe erreformatzen ari da, ziklo produktibo berrira egokitzeko beharrak bultzatuta. Transformazio garai batean kokatzen garela esan daiteke. Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, kapitala bere irabaziak bermatu nahian dabil, eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ditu.

Hankaz gora aurkitu dugu bigarren hezkuntzaren esparrua: ikastetxe eta zentroen noraeza, ikas baldintzen okertzea, neurri berri guzti hauen gaineko ezjakintasuna eta, aurreko kurtsoetan bezala, desados agertu garenon isilaraztea. Izan ere, lege berri hauek –LOMLOE nahiz EAEko Hezkuntza Legea- aurrerapen moduan saldu nahi izan dizkiguten arren, miseriazko hezkuntza baten oinarriak finkatzera etorri zaizkigu: heziketaren desegitea, diziplinamenduan oinarritutako heziketa prozesua eta bitarteko gutxien dituztenen kanporaketa. Eta gainera, inposatua zaigu hezkuntza eredu hau, politikari profesionalak, enpresari handien agindupean, izango baitira kapitalaren eraso hau egikaritu eta bideratuko dutenak.

Heziketaren desegiteaz ari garenean, hezkuntza edukiz husten doala esaten gabiltza, eta horren ordez, ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentro bilakatzen ari direla: konpetentzia jakin batzuen baitan ebaluatzen edota autoritarismoa zein infantilizazioa hedatzen, ikasleoi hitza kendu eta guztiz otzanak nahiz esanekoak garela bermatzeko.

Bestalde, bitarteko gutxien dituztenen kanporaketak hezkuntzaren elitizatzioari egiten dio erreferentzia. Izan ere, aipatutako prozesua ez da berdina ikasle txiroenen eta dirudunenen artean. Ez dago interesik proletargoa heziketa prozesuan denbora luzez mantentzeko eta, era berean, prozesuak berak gero eta gutxiago asetzen ditu proletalgoaren beharrak. Hau da, familia askorentzat sostengaezina bilakatzen ari den inbertsioa da hezkuntzarena, gaur-gaurkoz etorkizun ziurgabe bat baino eskaintzen ez duena.

Proletargoa hezkuntzatik kanporatua izaten ari da eta ezin dugu besoak gurutzatuta itxaron.

Hau guztia gutxi ez eta hezkuntzaren izaera inposatzailea ere agerian gelditu da. Hezkuntzaren norabidetzea elite baten eskuetan dago eta agente pribilegiatu batzuek, hala nola sindikatu zein alderdi politiko nagusiek, zuzentzen dituzte hartutako erabakiak, enpresari handi eta nazioarteko instituzio burgesen aginduak akordio zabal moduan saltzen dizkiguten bitartean. EAEko hezkuntza legea da horren islada: politikoki oso ezberdinak direla suposatzen den lau alderdi parlamentario nagusiak berehala ados jarri baitira aipatu dugun norabidetzean sakontzeko.

Guk garbi daukagu erreforma guzti hauek zuzen zuzenean kolpatzen dutela langile klasea, ikasle langilea hezkuntza prozesutik indarrez kanporatua izateraino. Eta garbi daukagu ere, hezkuntzaren arazoaren koponbidea ez dugula ez legeen aldaketa konkretuetan ez parlamentuko zirkuan aurkituko. Horregatik, politikarien iruzurrari ez esan eta hezkuntza erreformen aurrean antolatzeko unea dela uste dugu.

Gaur kalera atera ditugun aldarriak garbiak dira: doakoa kalitatezkoa eta unibertsala den hezkuntzaren alde borrokatuko dugu. Inposatuak zaizkigun kurrikulo eta ebaluazioaren aurrean, hezkuntza komunitateak kontrolatzen duen kurrikulum eta ebaluazioa borrrokatuko dugu. Interes unibertsalen araberakoa izango dena, hain zuzen ere. Despolitizatzen eta ideotizatzen gaituen hezkuntza ereduaren aurrean ikasleon adimenaren garapen askerako eta pentsamendu kritikoa sustatzeko hezkuntza ereduaren alde borrokatuko dugu, eta bide honetan, hezkuntza komunitateak eta batez ere ikasleok jasaten dugun infantilizazioa eta autoritarismo bortitzarekin amaitu nahi dugu, oinarrizko askatasuna eta eskubide politikoak bermatzen dituen hezkuntza eraikitzera gatoz eta konpromisoz jardungo gara bide hori egiten.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu mobilizazioan parte hartzeagatik. Eta bide batez, elkartasuna eta babes osoa  adierazi nahi diegu egun hauetan ikastetxez ikastetxe jardun politikoa burutzen ibili izanagatik ondorio errepresiboak eta zigorrak jaso dituzten ikasle horiei guztiei. Babes osoa iruñako 3 ikasle kanporatuei, Bilbon seinalatuak izan diren ikasleei, edo eta ezkerraldean kanporatua izatekko mehatxupean dagoen ikasleari.

Gaur lau hiriburutako kaleak hartu ditugun arren, borroka honek ez du etenik. Lan asko daukagu aurretik eta hau hasi besterik ez da egin, ikastetxez ikastetxe antolatzen eta mobilizatzen jarraitu beharra daukagu, hezkuntza sozialistaren bidea eraikitzen jarraitu beharra daukagu.

Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!

Hezkuntza Sistema Sozialista eraiki!