IKASLE LANGILEON POBRETZEA BORROKATU!

Krisialdi ekonomikoaren testuinguruan nabarmenki okertu dira langile klasearen bizi baldintzak. Alde batetik, bizi-baliabideen prezioak igo dira: gasolina, gasa edota argiaren kasuan ikusi dezakegun bezala. Bestetik, krisi testuinguru honetan nabarmendu dira langabeziaren gorakada, soldata baxuak edota denbora gutxiko lanpostuak ere. Hau horrela, gizartea proletarizazio prozesua bizitzen ari da.

Ikasle langileok ere krisi honen ondorioak gure azalean pairatzen ditugu unibertsitateko ikasketak egiterako orduan. Nabarmena da langile klasearen baldintza ekonomikoak beheranzko joera izan dutela, eta honen aurrean ez da ia aldaketarik egin unibertsitateetako laguntzei dagokionean, agerian utziz unibertsitate publikoek tendentzia honi konponbide erreal bat emateko duten ezintasun estrukturala. Matrikulazioaren prezioek ez dute ia beherakadarik jaso azken urteotan eta bekei dagokienean ere, ez da inongo hobekuntzarik egin. 2022-2023 ikasturterako lehen matrikulazioaren prezioa % 4,7 jaitsiko da, hau da, euro bat baino gutxiago. Ezin aipatu gabe utzi, bigarren, hirugarren eta laugarren matrikulazioen prezioak berdin mantenduko direla. Langile klasearen baldintza ekonomikoen okertze testuinguruan, beraz, ez da aldaketa positiborik eman, eta ondorioz, geroz eta ikasle gutxiagok izango dute ikasketak bukatzeko aukera.

Matrikulazioaz gain, ikasleok beste hainbat gastu izaten ditugu unibertsitateko ikasketa prozesuaren baitan, hala nola garraioa, etxebizitza, janaria edota ikasketak aurrera eramateko ezinbestekoak diren materialak. Ondorioz, ikusgarria da ikasle langileontzat zama ekonomiko handia suposatzen duela ikasketa prozesuak berak.

Bestalde, gaur egungo unibertsitate ereduaren baitan ikerketak duen garrantzia azpimarragarria da, izan ere, unibertsitatearen biziraupenerako ezinbestekoa da ikerketa munduan lehiakortasuna mantentzea, eta horretarako eliteen artean institizio gaitu gisara azaltzea. Norgehiagoka honetan unibertsitate publikoak, ikerketa enpresa pribatuekin lehiatu behar du. EHUk eta NUPek, norgehiagoka honetan aurrerapausuak emateko, ikerketa konkretu batzuk hobetsi eta ikerketa sozialagoak alde batera uzten dituzte. Finean, produkzio zientifikoa elite ekonomikoen gidaritzapean dago eta jakintzaren garapena kapitalaren interesen arabera garatzen da. Hezkuntzaren gaineko inbertsio publikoaren murrizketen aurrean, EHUk eta NUPek enpresa pribatuen esku-hartzea bultzatzen dute.

Unibertsitatearen biziraupenerako tresna den ikerketa lerroa geroz eta gehiago indartzeko apustua argia da. Hori dela eta bigarren plano batean geratu da graduen garrantzia. Geroz eta behar gutxiago dago lan-indar kualifikatua sortzeko eta askoz modu espezializatuago batean sortzen da lan-indarra. Ondorioz, gainontzeko lan-indarra pixkanaka baztertuz doa, eta gradu batzuk garrantzia gutxiago izatea da horren isla. Horren adibide da zenbait gradu edo adarren ezabapena; edota konpetentzia konkretu batzuk eskuratzearen lehentasunarekin batera, eduki teorikoaren maila okertzea, edukiaren hustuketa, alegia. Graduen balioaren jaitsieraren beste adibide bat da masterra egitearen beharrezkotasuna; hau da, lan mundura txertatu ahal izateko ia gradu guztietan ezinbestekoa da masterra.

Beraz, ikasketa prozesua luzatzen ari da, eta jadanik gradua burutzearekin soilik ez da nahikoa. Horren ondorioz, inbertsio ekonomiko handia suposatzen du langile klasearentzat unibertsitateko ikasketak aurrera eramateak, unibertsitateko ikasketen garestitze ikaragarria eman baita. Krisi testuinguruan are zailagoa denez aipatutako kostu ekonomikoei aurre egitea, ikasleria langilearen kanporatze sistematikoa gertatzen ari da pixkanaka.

Ezin aipatu gabe utzi, unibertsitate burgesak prozesua gauzatzeko darabilen errepresio politikoa. Antolakuntza iraultzailerako aukera oro moztu eta errepresioz blokeatzen du, zigor disziplinatzaileen politiken bitartez, zeinak unibertsitatea bezalako instituzioak goitik behera zeharkatzen dituzten. Horren adibide garbiak egunerokotasunean ikusten ditugu: poliziaren presentzia nabarmena unibertsitatean, mobilizazio ziklo desberdinetan jazotako erantzunak, aurreko urteko 34 atxilotuak eta abar luze bat.

Unibertsitatearen elitizazio prozesuaren aurrean beharrezkoa da langile klasearen unibertsitaterako sarbidea bermatzea. Hala ere, gaur egungo unibertsitate ereduaren baitan ezinezkoa da hori. Horregatik, gaurdanik hasi behar dugu egungo unibertsitate ereduari kontrajarriko zaion hezkuntza sistema sozialista eraikitzen. Doakoa eta unibertsala izango den unibertsitatea izatera bidean eraiki beharreko bidea baita.