M24 | MOBILIZAZIOA

Milaka ikaslek egin dute bat deitu dugun ikasle grebarekin, eta kaleak hartu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Bigarren Hezkuntzan, unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ezartzen ari diren erreformei ezetz esan, eta hezkuntza sistema sozialistaren beharra aldarrikatu dugu. Ertzaintzak gutxienez 34 ikasle atxilotu ditu Gasteizen.

Martxoaren 24a egun gogoangarria izango da ikasle mugimenduarentzat. Bistan baita etorkizunean antolatzen eta mobilizatzen ez bagara burgesiak nahieran jokatuko duela. Horregatik deitu genuen greba, beharrezkoa ikusi genuelako ikasleen artean hezkuntza erreformen egiazko izaera azaleratzea. Era berean, mobilizazio kultura galtzen ari dela baloratzen genuen, eta belaunaldi berrienek ziurrenik dimentsio handiko mobilizazio nahiz grebarik ez dutenez ezagutu, garrantzi handikoa da greba hau. Greba arrakastasua dela deritzogu, baita kuantitatiboki ere: 5000 ikasletik gora mobilizatu dira gaur egin diren manifestazioetan.


Halaber, despolitizazioari aurre egiteko grebaren aurrelanketa parte-hartzailea ezinbestekoa izan da, ikasleriaren masa zabalek ere parte hartu baitute grebaren prozesuan. Antolakuntzaren potentzia frogatu da: posible da politikari profesionalen dimentsio mediatiko eta ideologikoetatik kanpo jende andana helburu eta aldarri komun batzuen baitan antolatu eta mobilizatzea. Are gehiago, funtsezkoa da politika burgesaren logikatik at antolatzea, errealitatea bere osotasunean iraultzeko asmoz. Independentzia politikoaren ideia da, beraz, mahaigaineratu nahi duguna. Hezkuntzaren eta gizartearen gainbehera sozial, politiko eta ekonomikoaren aurrean erreforma partzialak ezdeusak dira. Hori dela eta, hezkuntza sistema sozialistaren eta estatu sozialistaren proposamen politikoak dira gizarteratu nahi ditugunak.


Aitzitik, gaurko greba egunean gogor salatu nahi dugu EHU eta NUPen izaera polizala. Edozein gatazka testuingurutan aterabide poliziala baliatzen duelako. Gaur, inoiz baino argiago ikusi dugu unibertsitatean ez dagoela askatasun politikorik, eta oinarrizko askatasuna ere ukatua zaigula. Mobilizazioen prestaketan aritzeagatik 30 atxilotu baino gehiago egon dira Gasteizko campusean; hortaz, greba egiteko eskubidea bera kriminalizatzea helburu duten atxiloketak direla ulertzen dugu. Eraso horren aurrean, irmoki salatu nahi dugu EHU dela errudun eta erantzule zuzena. Gainera, komunikabide ezberdinen errelato kriminalizatzailea ere salatu nahi dugu. Guk, askatasun politikoen defentsan antolatzen jarraituko dugu, horrelako erasorik egongo ez den unibertsitate baten aldeko borrokan.


Amaitzeko, EHUri eta Segurtasun Sailburuari exijitzen diogu ikasleoi leporatutako kargu guztiak bertan behera uztea.