NEGOZIOEN ETA INPOSIZIOEN HEZKUNTZA BORROKATU!

Eusko Legebiltzar aurrean elkartu gara martxoaren 13rako ikasle greba deitzeko. Izan ere, hezkuntza sistema guztiz merkantilizatuta dago eta gero eta eredu autoritario baterantz daramate, eta beharrezkoa da horri aurre egitea. Azken hilabeteetan borroka prozesuak martxan jarri ditugu Euskal Herriko ikastetxe zein kanpus ezberdinetan eta, orain, pausu bat gehiago emateko unea dela uste dugu. Horregatik, martxoaren 13an ikasle greba egingo dugu, negozioen eta inposizioen hezkuntzaren aurrean borroka egiteko nahiz ikasle langileon interesak aldarrikatzeko.

Enpresari handien eta politikari profesionalen kontrolpeko hezkuntza sistema honen helburua gazte belaunaldiak etorkizuneko lan indar bihurtzea da. Horren haritik, merkantilizatutako eta autoritarismoan oinarritutako hezkuntza eredua inposatzen ari dira, ikasle langileon interesak bazter batean utzita. Gauzak horrela, hezkuntza negozio esparru bihurtu dute. Ikusi besterik ez dago unibertsitatean nahiz lanbide heziketan ikasketa eredu dualaren bitartez ateratzen dituzten etekinak, edota ikasleen praktiken bitartez aurrezten dituzten soldatak. Horrez gain, unibertsitateko ikasketa prozesua luzatu digute, ia derrigorrezkoak diren eta milaka euro balio dituzten masterren bitartez negozioa egiteko asmo hutsarekin. Bigarren hezkuntza ere guztiz merkantilizatuta dago, ikusi besterik ez inposatzen ari diren konpetentziakako heziketa ereduak dakarrena: gero eta garrantzia gutxiago du edukiak nahiz formakuntzak, eta gero eta pisu gehiago laneko konpetentziek, ohiturek eta diziplina otzanak.

Enpresei ateak guztiz irekitzen dizkion bitartean, hezkuntza sistema kapitalistak ikasle langileok baztertu egiten gaitu. Unibertsitateak enpresariekin akordioak sinatzen eta hauen negozioetan inbertitzen duen bitartean, gu gara gero eta garestiagoak diren ikasketa kostu guztiak ordaindu behar ditugunak, eta trukean kalitate kaxkarreko instalazioak, irakasle faltak, edukiz hustutako ikasgaiak… jasotzeko. Bigarren hezkuntzan egoera antzekoa da, diziplinamenduan sakontzen den heinean guztiz bazter uzten baita ikasle langileon ongizatea.

Gainera, hezkuntza sistema hau inposatu egiten digute eta gero eta autoritarioagoa bihurtzen ari dira: zigor arbitrarioak, greba eskubidearen ukapenak edota kontrolerako plataforma digitalak bigarren hezkuntzan horren adibide dira, baita ere poliziak kanpusera sartzeko duen inpunitatea, kameretan zein segurtasun enpresa pribatuetan egindako inbertsio erraldoiak eta unibertsitatean politika independentea egiteagatik zabaldu diren espediente akademikoak.

Azkenik, aipatzekoa da hauteskundeen atarian onartu den EAEko Hezkuntza Legeak guzti horretan sakontzen duela: Espainiar estatuko LOMLOE-ren bidea jarraituz,  konpetentziakako heziketa eredua ekarriko du ikastetxeetara, pribatizazioan sakonduko eta eredukako sistema betikotuko du, euskararen egoera kaltetuz. Hezkuntza Legearen onarpen prozesuan ikusi dugun bezala, alderdi parlamentarien arteko polemika eta zirku mediatikotik haratago, alderdi horiek hezkuntza eredu honen funtsarekin ados daude eta ez dira hezkuntza merkantilizatu eta autoritarioa errotik aldatuko duten eragileak, eredu honen kudeatzaileak baizik.

Beraz, batetik, negozioen hezkuntzaren aurka borrokatu eta ikasle langileon interesak defendatu behar ditugu; eta bestetik, hezkuntza eredu gero eta miserableagoa dakarten inposizio orori aurre egin behar diogu, borroka prozesu bakoitza hezkuntza sistema sozialistaren norabidean kokatzen dugularik. Izan ere, langileriaren kontrolpeko hezkuntza sistema sozialistarik gabe, hezkuntza sistema ez da inoiz ikasleon formazio eta garapen askerako espazio izango, enpresarien eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaile eta autoritariagoa baizik.

Norabide horretan borroka egiteko egingo dugu ikasle greba martxoaren 13an. Dei egiten diegu ikasleei datozen asteetan antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzera eta martxoko ikasle greban borroka egitera.

NEGOZIOEN ETA INPOSIZIOEN HEZKUNTZA BORROKATU!

MARTXOAREN 13an IKASLEOK GREBARA!