UNIBERTSITATEAN, DOAKOTASUNAREN ETA LANGILEON ESKUBIDE POLITIKOEN ALDE BORROKATU!

«Unibertsitatean doakotasunaren eta eskubide politikoen alde borrokatu» dokumentua deskargatzeko:

https://www.ikasleabertzaleak.eus/wp-content/uploads/2024/01/Unibertsitatean-doakotasunaren-eta-eskubide-politikoen-alde-borrokatu.pdf

Azken urteotan langileon pobrezia eta eskubideen ezabapena etengabe handitzen doazela ikusi dugu. Krisi testuinguruak bultzatuta, burgesiak langileon poltsikoak husten ditu bere irabaziak mantentzeko intentzioarekin. Ikasleok ere gure azaletik pairatzen ditugu horren aspektu ezberdinak: bizi-baliabideen garestitzea, masterren prezio itogarriak, langabezia tasa erraldoiak gazteen artean… Gero eta gehiago bizi gara pobrezia egoeran eta eskubide gutxiagorekin, kapitalismoan eskubideak diruz erosten baitira.

Gainontzeko instituzio kapitalisten antzera, unibertsitatea ere garestitzen ari da, elitizatzen, hobeto esanda. Batetik, ikasketa prozesuak suposatzen dituen gastuak handitzen ari dira: erosketa-saskiaren prezioa %17 igo da, alokairuarena %9,5, eta erregaiena %17, eta horri ikas materialen edota matrikularen gastua gehitu behar zaizkio. Bestetik, ikasketa prozesua bera luzatu egin da masterren bidez; izan ere, kasu askotan derrigorrezkoa zaigu masterra egitea etorkizunean lan egin nahi badugu, baina honen batez besteko prezioa 3.500€-koa da oraintxe bertan. Horregatik guztiagatik, ez dira gutxi horrelako gastuei aurre egiteko ahalmen ekonomikorik ez duten ikasle zein familiak, eta beste askok gero eta ahalegin handiagoa egin behar dute: lana eta ikasketak uztartuz, familiko aurrezkiak xahutuz, bekak eskuratzeko irizpide akademiko guztiak betez…

Horren guztiaren aurrean, ikasle langile guztiontzat unibertsitaterako sarbidea bermatuta egon beharko litzateke eta, horregatik, doakotasunaren alde borroka egitea beharrezkoa ikusten dugu. Kontrara, gaur egun ikasleok baztertzen gaituen unibertsitate eredu enpresariala da lehenesten dena. Ikusi besterik ez dago unibertsitatean enpresa pribatuen esku-hartzea zenbat handitu eta normalizatu den azken urteetan, eta nola EHUk ere ateak guztiz iriki dizkien enpresariei. Enpresa pribatuekin dituen hamaika akordioek ondo erakusten duten bezala, unibertsitate eredu dualera salto egin nahi du enpresen eskutik, non praktikek -kasu askotan ordaindu gabe- eta masterrek -segregazio eta negozio esparru bihurtu dena kasu askotan- pisu asko irabaziko luketen.

Beste alde batetik, azken urteetan autoritarismoak gora egin du unibertsitatean. Izan ere, polizia inpunitate osoz sartzen da kanpusetara, kontrol mekanismoak areagotzen ari dira eta politika independentea egiteagatik ikasleak zigortzen dituzte espedienteak irekiz edota multak jarriz. EHUk berak bakarrik milioka euro inbertitzen ditu segurtasun enpresa pribatuan, esaterako. Beraz, unibertsitateak pentsamendu kritikoa elikatzeko eta askatasun politikoz jarduteko espazioak izan ordez, politikoki antolatzeko eta borrokatzeko baldintzak ezabatzen ari dira gaur egun, unibertsitate eredu autoritario batean sakonduz.

Hori guztia dela eta, beharrezkoa ikusten dugu unibertsitatean doakotasunaren eta langileon eskubide politikoen alde borroka egitea, eta dei egiten diegu ikasle langileei norabide horretan bat egitera. Zentzu horretan, proposamen politiko honek norabide horretan ekarpena egitea du xede. Borrokarako tresna bezala ulertu behar dugu eta borroka guztiak hezkuntza sistema sozialistaren norabidean proiektatu behar ditugu. Izan ere, langileriaren kontrolpeko hezkuntza sistema sozialistarik gabe, unibertsitatea ez da inoiz ikasleon formazio eta garapen askerako espazio izango, enpresarien eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaile eta autoritariagoa baizik. Horren haritik, unibertsitatean borroka dinamikak abiatzea eta ikasleon kontzientzia politikoa hedatzea da gure asmoa, eta horretarako beharrezkoa ikusten dugu ondorengo esparruetan jardutea:

1. Unibertsitate eredu enpresarialaren aurrean, ikas baldintza doakoen alde borrokatu!

Izan ere, enpresen esku-hartzea handitzen ari da eta unibertsitateak hauen interesak lehenesten ditu. Enpresek irabazi handiak egiten dituzten bitartean, ikasleok gastu guztiak asumitu behar ditugu. Gainera, matrikula, ikas-materiala eta abar ordaintzeko ezintasuna gero eta handiagoa da, baita beka nahiz bestelako dirulaguntzak eskuratzeko oztopo burokratikoak ere. Bitartean, kanpusetako instalazioen kalitatea okertzen ari da etengabe. Hau da, ikasleon ongizatean inbertitu beharrean enpresen negozio zein interesetan inbertitzen du egungo enpresari eta politikarien unibertsitate ereduak. Horren guztiaren aurrean, ezinbestekoa da kalitatezko ikas baldintza doakoen alde borrokatzea:

2. Ikasleon doako bizi bitartekoen alde borrokatu!

Ikasle langileen eta, oro har, langile klaseko familien pobretzea areagotu egin da azken urteetan. Gainera, unibertsitatea elitizatu egin da, ikasle kapa bat zuzenean kanporatua da bertatik, gero eta familia gehiago baitira ikasketa gastuei aurre egin ezin dietenak, eta beste asko eta askok izugarrizko esfortzua egin behar dute ikasten jarraitzeko, ikasketa eta lana uztartuz, esaterako. Bitartean, enpresari handiak, baina baita klase ertaineko jabeak ere, egoera honetaz probesten dira: ikasleei alokairu altuak kobratuz, adibidez. Horregatik, ikasle langileon pobretzetik negozio egiten dutenen aurka, urgentziazkoa da doako bizi bitartekoen alde borroka egitea:

3. Kalitatezko lan baldintza berdinen alde borrokatu!

Krisi kapitalistak bultzatuta langileon lan baldintzak nabarmen prekarizatzen ari dira eta unibertsitate eredu enpresarialak horretan sakontzen du. Esaterako, ikerlarien eta garbitzaileen egoera benetan esanguratsua da: lan karga gero eta handiagoa soldata gero eta baxuagoaren truke. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi, ikasleok batere kobratu gabe egin behar dugun praktiketako lana. Horren aurrean, unibertsitatean kalitatezko lan baldintza berdinen alde borroka egitea premiazkoa da:

4. Autoritarismoaren aurrean, langileon eskubide politikoen alde borrokatu!

Unibertsitateak pentsamendu kritikoa elikatzeko eta askatasun politikoz jarduteko espazioak izan ordez, politikoki antolatzeko eta borrokatzeko baldintzak ezabatzen ari dira gaur egun, unibertsitate eredu autoritario batean sakonduz. Ikasleon interesak lehenetsiko dituen espazio aske baten norabidean, ezinbestekoa da polizia kanpusera ez sartzea, kontrol soziala zein digitala amaitzea, ikasleok independenteki antolatzeko espazioak edukitzea eta jarrera erreakzionarioei aurre egitea:

«Unibertsitatean doakotasunaren eta eskubide politikoen alde borrokatu» dokumentuaren esteka:

https://www.ikasleabertzaleak.eus/wp-content/uploads/2024/01/Unibertsitatean-doakotasunaren-eta-eskubide-politikoen-alde-borrokatu.pdf