URRIAREN 27ko IKASLE GREBAREN AURKEZPEN PRENTSAURREKOA

Prentsaurrekoa egin dugu gaur, urriak 4, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Hego Euskal Herrian bigarren hezkuntzako greba deitzeko. Urriaren 27an mobilizazioak egingo ditugu Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean.

Aurtengo ikasturte hasiera ikasleok zein hezkuntza komunitateko beste kolektiboek kolpez jaso ditugun aldaketez beterik egon da. Izan ere, aurreko ikasturtean zehar finkatutako erreforma legeen ezarpenarekin hezkuntza esparrua hankaz gora dagoela hasi dugu kurtsoa: ikastetxe eta zentroen noraeza, neurri berri guzti hauen gaineko ezjakintasuna eta, aurreko kurtsoetan bezala, desados agertu garenon isilaraztea.

Politikari profesionalek, enpresari handien agindupean, kapitalaren erasoa egikaritu eta bideratzen dute. Horregatik, Ikasle Abertzaleaketik erreforma prozesu honen aurreran antolatu eta kaleak hartzeko deia luzatu nahi dugu!

Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, kapitala bere irabaziak bermatu nahian dabil, eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ditu. Zentzu horretan dabil hezkuntza sistema aipatu ditugun aldaketak jasaten, merkatuak behar duen lan-indarra ekoizten duela bermatzeko. Elite ekonomikoek norabidetutako eta politikari profesionalek egikaritutako aldaketa hauen adibide garbia dugu EAEko hezkuntza lege berria. Segregazioan sakontzen duen eta modu inposatzaile batean egindako prozesu baten emaitza den legea da, pasa den kurtsoan salatu genuen LOMLOEren norabide berean.

Aldaketok heziketaren desegitean, segregazioan eta hezkuntzaren burokratizazioan nahiz inposizioan sakontzen dute.

Heziketaren desegiteaz ari garenean, edukiz husten doala esaten gabiltza. Hau da, jakintza garatzearen garrantzia albo batera uzten da eta formakuntzaren debaluazio bat gertatzen ari da. Horren ordez, ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentro bilakatzen ari dira: metodologia aldatzen (errefortzu plan berria eta batxilergo orokorra inposatuz, esaterako) konpetentzia jakin batzuk ebaluatzen (konpetentzia digitala, ekintzailetza…) edo autoritarismoa eta infantilizazioa hedatzen; ikasleoi hitza kendu eta guztiz otzanak nahiz esanekoak garela bermatzeko, besteak beste. Hezkuntzak kapitalaren behar produktiboei erantzuten dien heinean, lan indarraren ekoizpenari alegia, gaur egungo merkatuak heziketa kualifikatuak gero eta pisu gutxiago izatea agintzen du.

Horren da txikia edukiaren garrantzia, ezen sarritan irakaslearen araberakoa dela irakasgaia gainditzea edo ez.

Bestalde, hezkuntzaren izaera segregatzaileak langile klaseko ikasleak baztertu eta hezkuntza elitizatzeari egiten dio erreferentzia. Izan ere, aipatutako prozesua ez da berdina ikasle txiroenen eta dirudunenen artean. Hezkuntza kualifikatua da, hain zuzen ere, gehien elitizatzen dena; ikasle langileak berriz, ahal bezain laster lanean jarriz. Ez dago interesik proletargoa heziketa prozesuan denbora luzez mantentzeko eta, era berean, heziketa prozesuak gero eta gutxiago asetzen ditu proletalgoaren beharrak. Hau da, familia askorentzat sostengaezina bilakatzen ari den inbertsio bat da hezkuntzarena, gaur-gaurkoz etorkizun ziurgabe bat besterik eskaintzen ez duena. Egoera itogarri horrek lan mundurako sarrera azeleratzen du, kualifikatu gabeko ikasle horri lan prekarioetara (ordaindu eta kotizatu gabeko praktiketara edo ikasketa dualera, adibidez) eta bazterketa sozialera kondenatuz.

Era berean, doako zerbitzuen murrizketek bete-betean kolpatzen dute hezkuntza, eta errentagarria izan dadin egokitu beharra dauka. Horrek heziketa prozesuaren garestitzea dakar: arrakala digitala, oinarrizko bitartekoen kalitate jaitsiera… Hezkuntzarako eta bereziki hezkuntzako goi esparruetarako sarbidea gero eta mugatuagoa da, beraz.

Zentzu horretan, ezin aipatu gabe utzi EAEk duela estatu espainiarreko segregazio tasarik handiena, eta EAEko hezkuntza lege aurreproiektua norabide horretan sakontzeko asmoz datorrela, ikastetxe pribatu eta kontzertatuei ateak irekiz.

Azkenik, hezkuntzaren izaera inposatzailea da mahaigainera ekarri nahi duguna. Izan ere hartzen diren erabakiak agente pribilegiatu batzuk zuzentzen dituzte, hala nola sindikatuek eta alderdi politikoek. Gainera, enpresa handi eta nazioarteko instituzio burgesen aginduak akordio zabal moduan saltzen dituzte alderdi politikoek. EAEko hezkuntza akordioa da horren islada: politikoki oso ezberdinak direla suposatzen den lau alderdi parlamentario nagusiak berehala ados jarri dira aipatu ditugun aldaketak inposatzeko. Hezkuntza komunitatea osatzen duten beste sektore batzuk aldiz, guztiz baztertuta gelditu dira. Oposiziorako aukera oro neutralizatu da gainera, sindikatuek ez dute kritikarik planteatu langile asko desados egon arren. Progresismoaren izenean argi gelditu da politikariek hezkuntzaren gainean duten interesa komuna dela. Argi gelditu da ere, interes horiek proletalgoaren interesei kontrajarriak direla. Eta argi dago miseriaren kudeaketan diharduten horien programa politikoa aipatutako norabidea erreproduzitzea besterik ez dela. Ezin dugu, beraz, hezkuntzaren arazoen konponbidea kapitalaren erreforma hauek ezartzen ari den parlamentuan eta legeen aldaketa konkretuetan bilatu.

Era horretan, guztion eskutan egongo den doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsalaren eraikuntzan aurrerapausoak egitea dagokigu. Horregatik, urriaren 27an kaleak hartzeko deia luzatzen dugu. Politikarien iruzurretik at, Hezkuntza Legearen eta erreformen aurrean langile klasearen interesen defentsan antolatu behar garelako.

Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu.