INPOSIZIOEN HEZKUNTZARI EZ!

Azken urteak inposizioz betetako urteak izan dira hein handi batean, izan ere, burgesiak gogor kolpatu ditu gizarteko instituzio guztiak, krisi testuinguruaz aprobetxatu da eta bere interes zein behar berrien arabera eraldatu ditu. Hezkuntza sistema ere aldaketa prozesu batean murgildu zen duela ikasturte batzuk, prozesu honen asmoa hezkuntza bera ziklo berrirako prestatzea izanik eta horretara datoz bai LOMLOE bai eta EAEko Hezkuntza Lege inposatuak ere. Trantsizio hau Europako eliteek -politikari zein enpresari handiek- diseinatu dute eta gobernu lokalak exekutatzen ari dira lege nahiz erreformen bitartez.

Alde batetik, metodologia, eduki zein irakasgai aldaketak inposatu dituzte, ikasleak burgesiaren behar berrien arabera hezteko helburuarekin. Bestetik, hezkuntza sistemaren baldintzak okertu dituzte, zerbitzuen kalitatea kaxkartuz, murrizketen bidez… Laburbilduz, hezkuntza eredu miserableago baterako trantsizioa da hau, heziketa prozesua ezagutzan eta guztion ongizatean ardaztu beharrean, diziplinamenduan eta autoritarismoan oinarrituko baita, eta horretarako beharrezkoak diren aldaketa guztiak inposatu egiten dizkigute.

Horren guztiaren erakusle dira aipatu berri ditugun LOMLOE nahiz EAEko Hezkuntza Legea, zeinaren bitartez konpetentziakako heziketa eredu bat inposatu diguten, edukiak pisua galduko du eta lan merkatuan behar diren ezaugarrien arabera moldekatuko gaituzte, bai gaitasun teknikoetan bai eta baloreei dagokienean ere: ikasle otzanak, indibidualistak, mugikorrak eta oinarrizko konpetentzia gutxi batzuetan formatuak nahi gaituzte. Aspaldi da ekintzailetza konpetentziaz eta konpetentzia digitalaz hitz egiten hasi zirela, horiez gain, orain, “Euskal Hezkuntza Sistemaren Transformazio digitalerako Plana”, “Heziketa eta orientazio pertsonal eta profesionala”, “Ekonomia eta ekintzailetza” edota “lanbide jarduerei aplikatutako zientziak” bezalako plan berriak ezarriko dizkigute.

Hori guztia gutxi ez eta zerbitzuak okertzen ari direla ere nabarmena da. Ikasturte hasiera hau benetan adierazgarria izan da zentzu horretan: ikasturtea garraio zerbitzurik gabe hasi dugu toki askotan, jangelarekin arazoak izan ditugu eta azken urteetako ikasturte hasiera garestiena izan da bitartean. Gainera, datozen urteetan egoerak okerrera egingo duela aurreikus daiteke, izan ere, EAEko Hezkuntza Legeak garbi erakusten duen bezala, pribatizazioan sakontzeko apostua egingo da, publikora bidera zitezkeen baliabideak pribatua blindatzeko erabiliz. Horrela, ikasle proletarizatuenak zerbitzu kaxkarrak jasotzera kondenatuz eta segregazioa nahiz bazterketa areagotuz.

Azkenik, inposatu nahi diguten hezkuntzaren beste ezaugarri nagusienetarikoak autoritarismoa eta kontrol soziala izango lirateke. Heziketa prozesua diziplinamendu prozesu baten antza hartzen ari da, izan ere, hezkuntza kapitalista pertsona eredu jakin bat sortzeaz arduratzen da, burgesiaren intereseko ezaugarri konkretu batzuk dituena -otzana, despolitizatua, esanekoa-, eta ezaugarri horiek bortxaz ezartzen dizkigute ikasleoi autoritarismoaren eta kontrol sozialaren bidez, besteak beste. Horren adibide dira plataforma digitalen kontrol mekanismoak, ordenagailuak miatzea, komunera sartu irteerak kontrolatzea edota politika egiteagatik zuzenean zigortzea. Mekanismo horien ondorioz, ikasle langileon askatasun politikoa urratzen dute, miseriazko hezkuntza baten oinarriak inpunitate osoz inposatzeko.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa ikusten dugu inposizioen hezkuntzaren aurrean ikasle langileon autodefentsa antolatu eta eskubide politikoak defendatzea, eta dei egiten diegu ikasleei norabide horretan bat egin eta inposizioen aurrean borroka egitera. Izan ere, ikasle langileon indar antolatu baten faltan aipatutako miseriazko aldaketa hauek guztiak inposatzen jarraituko dute, ikasle langileok gero eta heziketa okerrago batera kondenatuz. Era berean, borroka eta dinamika bakoitza hezkuntza sistema sozialistaren norabidean kokatu behar ditugu, langileriaren kontrolpeko hezkuntza sistema sozialistarik gabe, hezkuntza ez baita inoiz ikasleon formazio eta garapen askerako espazio izango, enpresarien eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaileagoa eta autoritariagoa baizik.