EHUren ERREPRESIO POLIZIALA GELDITU

Gaur Gasteizko Letretako fakultatean bildu gara, pasa den martxoaren 24an egon ziren 34 atxiloketak salatzeko. Ikasle grebaren baitan, campus ezberdinetan piketeak egin ziren greba zabaltzeko eta aurrera eramateko asmoz. Ohikoa denez, grebetan piketeak egiten dira – fabrikako langileek, garbitzaileek nahiz ikasleek egin ohi dituzte-. Egun hartan ordea, Elurretako fakultatean ginenean, polizia bortxaz sartu zen bertara. Ikasle asko identifikatu eta atxilotu zituzten.


Hori guztia EHUko Arabako errektoreordetzaren eta errektoretza nagusiaren erabakiz egin zen, eurek baimendu zuten-eta polizia unibertsitate barrura sartzea. Gure ustez, astakeria bat da pikete batzuk egiteagatik 34 atxilotu egotea; baita, orokorrean, unibertsitatea campus polizial bilakatzea ere. EHUk unibertsitatean poliziaren inpunitatea baimenduz gero, ikasleon greba oro kriminalizatzeko eta atxiloketak normalizatzeko aurrekari oso arriskutsua ezartzen du. Ildo beretik, esan beharra dago operazio polizial honek lotura zuzena duela aplikatu nahi duten Bizikidetza Legearekin.


Era berean, hainbat masa komunikabideren kriminalizazio saiakera salatu nahi dugu; izan ere, gertaerak erabat manipulatzeaz gain, atxilotuen seinalamendu publikoa egitea ahalbidetu zuten. Kriminal gisa edo unibertsitate publikoaren kontrako subjektu gisa aurkeztu nahi izan gaituzte, besteak beste, hezkuntza publikoaren pribatizazioaren aurkako greba egun bat zenean. Horixe da, hain zuzen, komunikabide burgesen funtzioa: errealitatea nahieran distortsionatzea.


Gertaera horiek frogatzen dute EHUn ez dagoela askatasun politikorik ikasle antolakuntza independentearentzako, ezin baita politika askatasunez egin une oro jazarpena badago (bai seguraten, bai poliziaren aldetik). Horregatik, EHU progresismoz mozorrotzen bada ere, halako egoeretan erakusten du bere benetako aurpegia: autoritarismoarena. Gizartearen joera autoritarioan sakontzea ahalbidetu du errektoretzak, horrelako ekintza errepresiboak onartuz jazarpenez aske behar lukeen lekuan, unibertsitatean alegia.

Ezin dugu inolaz ere onartu gatazka politikoen aurrean, EHUk irtenbide gisa indar polizialak erabiltzea. Zer nolako unibertsitatea da bere ikasleak masiboki atxilotzea baimentzen duena? 34 ikaslek egun osoa ziegan igarotzea baimentzen duena? Ezinbestean, indarrak batu behar ditugu unibertsitate eredu polizialarekin amaitzeko eta 34 atxilotuak erabat aske geratzeko, inolako kargurik egotzi gabe.

Egoera honen aurrean, ostegun honetan, martxoak 31, manifestazio bat egingo dugu, goizeko 11etan Elurretatik abiatuta. Atxilotuen erabateko absoluzioa eskatzeko eta EHUren jokabide autoritarioak salatzeko, batu zaitez mobilizaziora.