34 IKASLE ATXILOTUEN ERABATEKO ABSOLUZIOA ESKATZEN DUGU

Gaur ehunka ikasle mobilizatu gara Gasteizko campusean bi helburu argirekin: batetik, EHUri atxilotu guztien absoluzioa eta balizko ondorio ekonomikoak bertan behera uztea exijitzeko; bestetik, EHUko campus ezberdinetako poliziaren presentziari buruzko elkarrizketa mahai bat irekitzeko.

Goizeko lehen ordutik nabarmena izan da campusean poliziaren presentzia. Fakultatez fakultate ikasleriaren sarrera eta irteera kontrolatu dituzte. Horretarako, fakultatera sartzeko ikasle txartela erakustea derrigortu dute, seguratek ateak blokeatzen zituzten bitartean. Hori gutxi ez eta, mobilizazioaren ordua gerturatzen zihoala, hainbat fakultate arbitrarioki eta inolako azalpenik gabe itxi dituzte; bertatik ikasleria atera eta irakasle zein seguraten artean ateak itxita mantentzen zirela bermatu dute. Beste hirietako ikasleak alferrik etorri dira klasera, bertan behera geratu baitira.

Mobilizazioan zehar ere agerikoa izan da poliziaren presentzia, baita agenteen partetik jasotako jarraipen zein jazarpen etengabea ere. Manifestazioaren amaiera errektoreordetzan egin dugu, iristerako ertzainez inguraturik zegoena. EHUk polizia instrumentalizatzen du ikasleon aldarrikapenak alboratzeko eta ezkutatzeko. Agerian gelditu da berriz ere EHUren izaera autoritarioa, baita gatazka posible ororen aurrean aurkezten duen aterabidea ere.

Guk argi adierazi dugu elkarrizketarako eta eztabaidarako borondate osoa dugula. Gure posizioa irmoa bezain argia da: errektoreordetzaren eta erretoretzaren baimenez egin ziren atxiloketak, eta beraz, EHUren esku dago ikasle hauen kargugabetzea, bai eta isun ekonomikorik ez ezartzea.

Ezin dugu inolaz ere onartu gatazka politikoen aurrean EHUk irtenbide gisa indar poliziala erabiltzea. Funtsezkoa da aterabide egoki bat emateko EHUk elkarrizketa mahai bat irekitzea, zeinetan konprometituko den atxilotuen gaineko ardura hartzera eta poliziaren presentzia itogarriarekin amaitzera.

EHU errudun!
Indar polizialak campusetik kanpora!