IKASTURTE BERRIAREN ATARIAN, OHARRA

Datorren ikasturte honetan, aurreko ikasturtean martxan jarritako erreforma prozesuak gogor kolpatuko du hezkuntzaren alorra. Alde batetik, LOMLOE gisako erreforma legeen edukiagatik, eta bestalde, guztiz inposatzailea izan den prozesu batek sortu duen noraez, desinformazio eta egokitzapenerako gaitasun faltagatik.

Erreforma prozesuak, ordea, bizi dugun krisi testuinguruaren ondorio zuzenak dira, krisi kapitalistan ematen ari den proletarizazio prozesuak hezkuntza esparruan hartzen duen formaren adierazleak. Hau da, balio-metaketa ziklo berri baten aurrean behar-beharrezkoak diren gizarteko berregokitzapenen artean kokatu behar ditugu.

Aipatutako prozesuak, beraz, hezkuntzak hartuko duen norabidearen oinarriak ezarriko ditu.

Artean, adierazgarria da jakintza garatzearen garrantzia txikitzen ari dela. Ikastetxeak, ikasleria formatu ordez, diziplinatu baino egiten ez duten zentroak bilakatzen ari dira. Horren adibide dira, LOMLOEren ondorioz, epe labur batean, hainbat eta hainbat zentrotan bertan behera geldituko diren irakasgaiak, eman beharreko edukiaren murrizketa eta konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa, etab. Horrek guztiak heziketa desegitea eragiten du.

Transformazio garaiotan hezkuntzak duen izaera baztertzailea ere mahaigainera ekarri beharra dago. Izan ere, aldaketa guzti hauek ez dira modu parekatuan ematen, eta horien ondorioak jasaten lehenak baliabide ekonomiko murritzenak dituzten familiak dira. Alde batetik, aipatutako heziketaren desegitearen adierazpen garbienetako bat dira ebaluazio irizpideetan egindako aldaketak, ez ohiko azterketen desagerpenarekin esaterako, zeintzuen helburua derrigorrezko ikasketa zikloa ahalik eta azkarren amaitu eta ikasleriaren geruza zabal bat bertatik kanporatzea den. Bestalde, segregazioak eguneroko ogia izaten jarraitzen du; euskal eredu dual publiko-pribatuaren aldeko apustuak, esaterako, pribatizazioan eta bitarteko gutxien dutenen kanporaketan du eragina, bai eta oinarrizko bitartekoen irisgarritasunaren mugetan (garraioa, jangela…) ere.

Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi hezkuntza sistemak duen izaera inposatzailea eta guztiz burokratikoa. Hezkuntzaren norabidetzea eliteen diseinupean eta agente pribilegiatu batzuen eskutan dago. Horren adierazle garbia da, adibidez, LOMLOEren erreforma prozesuaren izaera, zeinetan desinformazioa, gardentasun falta edota aldaketen berehalako ezarpena nagusi izan diren. Eta, zer esanik ez, EAEko hezkuntza legearen garapen prozesua. Azken hori, PSOE, Podemos, PNV eta EH Bilduren artean eraiki, adostu eta aurrera eramandakoa, burgesiaren alderdiaren interesen adierazle baino ez da. Horrenbeste hitz egiten den pluraltasunaren atzean alderdi politiko horien guztien interesak berberak direla agerian gelditu da, bai eta oposizioarako aukera oro ukatzeko arazorik ez daukatela ere. Horrela, hezkuntzaren gainean hartzen den erabaki oro blindatu eta inposatuz.

Hezkuntzaren norabidetzea heziketaren desegitean, segregazioaren gorakadan eta bitarteko gutxien dituztenen kanporaketan ardaztuta ez egoteko bide bakarra hezkuntza sistema sozialistaren eraikuntza da. Haur eta gazte proletarioen adimenaren kontrako eta soldatapeko langile otzanak, ergelduak eta eduki existentzialik ezera ohituak sortzeko bitartekoa da hezkuntza eredu kapitalista. Horren aurrean, gazte esklabo eta atomizatuak sortu ordez, gizateria aske bat eratzeko bidea da Hezkuntza Sistema Sozialista. Hezkuntza doako eta unibertsalerako bermea.