M30 | MOBILIZAZIOA

Gaur, Martxoaren 30, milaka ikasle atera gara kalera enpresari handien hezkuntza borrokatu eta Hezkuntza Sistema Sozialista aldarrikatzeko. Izan ere, garbi daukagu mobilizatu eta antolatu ezean burgesiak nahieran jokatuko duela hezkuntzan ere. Norabide horretan, berebiziko garrantzia dauka antolakuntzaren indarra erakutsi eta Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak hartu izanak.

Desmobilizazioa nagusitzen den garaiotan, aurrera pauso bat gehiago izan da gaurkoa, kultura politiko berri baten eraikuntzan eta mobilizazio eta borrokarako grina handitzera bidean.

Asmo horretan, ezinbestekoa izan da grebaren aurre-lanketa. Izan ere, azken asteotan konpromezu handiko lan militante ikusgarria egin da ikastetxez ikastetxe, unibertsitatean zein lanbide heziketan. Egindako lanak, greba egunaren arrakastan eragitetik haratago, zentro desberdinetan pairatu diren askatasun politikoen urraketak, greba eskubidearen ukazioa, zein beste hainbat erasori aurre eginez ikasleriari antolakuntza politikoaren beharra eta eraginkortasuna erakutsi dizkio.

Ikasle Abertzaleak-etik gogor salatu nahi dugu, hezkuntzan, militantzia politikoak bizitzen duen jazarpen itogarria. Campusetan egondako identifikazioak, presentzia polizial itogarria, zuzendaritzen mehatxuak, zigor diziplinatzaile, ikastetxeetan kanporatuak, Gasteizko kanpusean atxilotua… Horregatik, ikastetxeetako zuzendaritzei eta ezinbestean EHUri, askatasun politikoak errespetatzeko konpromisoa har dezaten exigitzen diegu. Baina badakigu eskubide politikoak borrokaren bitartez soilik bermatzen direla, eta bide horretan berresten gara.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, bai grebaren aurrelanketan bai eta gaurko egunean bertan egindako lana eta honen emaitza isilarazteko egin den saiakera ere. Azken urteotako ikasle mobilizazio handienetako baten aurrean, prentsa eta komunikabideen aldetik, indar politiko erreal baten oihartzuna apaltzeko egindako ahalegina da.

Amaitzeko, garbi adierazi nahi dugu gure jardunak ez duela etenik. Greba hau, heziketa politikoan oinarritzen den hezkuntza sistema sozialistaren norabidea elikatzeko urrats bat gehiago izan dadila.

Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala den hezkuntza sistema sozialistaren bidean ikasle langileok borrokara!