M30 | IKASLE GREBA

Gaur, Bilbo nahiz Iruñeako hezkuntza delegaritza eta Leioako errektoreordetza aurrean elkartu gara martxoaren 30erako ikasle greba deitzeko. Hemen, ikasturte hasieratik salatu ditugun hezkuntzaren desegitea eta erreforma bidezko ofentsibaren erantzuleak zuzenean seinalatu eta aurre egiteko asmoz bildu gara.

Hezkuntza sistema enpresari handien menpe dagoen instituzio bat gehiago da gure gizartean eta ikasleok gure azalean bizi ditugu horren ondorioak. Izan ere, gainerako zerbitzu publiko eta gizarteko arloen antzera, krisi garaiotan ziklo ekonomiko berrira egokitzen ari dira hezkuntza sistema ere. Eraldaketa prozesu horrek, bere ondorioak ditu bigarren hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino, lanbide heziketan barne. Finean, hezkuntzak «probetxuzkoa» izaten jarraitzen duela bermatu nahi dute elite ekonomikoek, haiei interesatzen zaizkien funtzioak betetzeko eraginkorra izatea alegia.

Hezkuntzak horientzat betetzen duen lehen funtzioa negozio errentagarri bat izatea da. Horren adibide dira cfaa bezalako asoziazio baten bitartez mila miloitik gorako irabaziak izan zituzten enpresak, besteak beste.

Babestu nahi duten beste funtzioetako bat, etorkizuneko gizartearen kapa zabal bat prekarietatean eta miserian bizitzeko heztearena da. Horretarako, hezkuntza prozesuaren fase goiztiarrenetik diziplinamendu zorrotza aplikatzen da. Horren adibide da, batetik, bigarren hezkuntzako eredu penitentziarioa: 7 orduz ikasgelan eserita eta sumiso egoten irakastea, ikaslearen adimen garapena baino garrantzitsuagoa da gaur egun. Bestetik, helburu horri berari eusten diote halaber, edukiaren hustuketak eta lan karga itogarriak unibertsitatean, nahiz derrigorrezko asistentziak eta praktikaldiak lanbide heziketan.

Hezkuntza eredu honek, lan karga handietara eta ziurgabetasunera ohitzeko gaitasuna eskuratzea, zein arau arbitrarioak eta dogmetan oinarritutako errespetua eraikitzea ditu ardatz. Horregatik ikasketa prozesutik kanporako jardun oro ere epaitua, zigortua eta indarrez isildua izango dela barneratzea da beste helburu bat. Ezin adibide garbiagoa dugularik EHUn: Ikasle greba bateko piketeetan parte hartu izanagatik espedientea zabaltzeko mehatxupean daude 34 ikasle, kanporatuak izatearen arriskuan alegia.

Hori gutxi ez, eta ikasle bakoitzaren etorkizuneko arrakasta, ikasketa prozesuaren baitan zein ondoren lan munduan egindako esfortzuaren araberakoa dela irakasten digute gaztetatik. Ikasleok bizi dugun ziurgabetasunaren aterabidea norbere esku egongo balitz legez. Kontrara, argi ikus dezakegu prolaterizazio prozesuak gogor kolpatzen duela ikasleria ere. Baldintza ekonomiko kaskarrenak dituenak, zailtasun gehien ditu ikasketa prozesuan aurrera egiteko. Hala, unibertsitatean matrikulatzen den ikasleriaren %21ak gradua amaitu aurretik uzten ditu ikasketak, eta horiek burutzea lortuta ere master garestiek gero eta garrantzia zein kostu handiagoak dituzte. 4 urteko graduaren kostua bikoizten duen urtebeteko masterra ordaindu ezean, ez du askorako balio graduko tituluak kasu gehienetan. Laburbilduz, hezkuntza elitizatzen eta ikasle langileon kapa zabal bat bertatik kanporatzen dabiltza, ahalegina baino dirua izanik ikasketetan aurrera egiteko baldintza.

Bitartean, hezkuntza politika asko diseinatzen diren arren (gobernu berri bakoitzak lege bat atera du), politikari profesionalen erreformak aipatu ditugun aldaketak egitera mugatzen dira. Politikari hauek, enpresari handien esanetara daude eta hezkuntzaren gaineko erabakimen oso txiki bat baino ez dute. Sortzen duten miseria guztiaren aurrean ogi apurrak banatzea da eskaintzeko daukaten guztia. Hala eta guztiz ere, apur horiek banatzean paper oso garrantzitsu bat betetzen dute hezkuntzaren eraldaketan, ikasturte hasieratik argi eta garbi ikusi dugun bezala, hezkuntzako sektore ezberdinak desmobilizatzeaz arduratzen baitira, euren etekin propiorako proposatzen dituzten erreformak, inongo oposiziorik gabe aplikatu daitezen.

Zentzu horretan, ikasleok zirku horretatik kanpo antolatu eta gure interesak defendatu behar ditugu.

Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu. Horregatik, gure bizkarretara negozioa egiten ari diren horiek, bai eta hezkuntza prozesutik kanporatzen gaituztenek gure etorkizuna determinatu ez dezaten, ezinbestekoa zaigu horri aurre egingo dion indar antolatua ehuntzea.

Langile klasearen interesak lehenetsiko dituen eta ikasle guztion beharrak bermatuko dituen hezkuntza eredua, ez da ez enpresari ezta politikarien eskutik ere etorriko, eta hori bera borrokatzeko mobilizatu behar gara. Guztion ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoen gainetik jarriko duen hezkuntza sistema aldarrikatzeko, doakoa eta unibertsala izango dena. Hezkuntza sistema sozialista.

MARTXOAREN 30EAN IKASLEOK GREBARA!