ESPEDIENTERIK EZ!

Gaur, ehunka ikasle mobilizatu gara EHUk 30 ikasle baino gehiagori espediente akademikoa irekitzeko mehatxua egin dielako eta beraz, espedienteok atzera botatzeko konpromisoa hartzea exijitzeko. Horrekin batera, ikasle langileon eta unibertsitateko langile klaseko gainontzeko sektoreen antolakuntza politikoa bermatzeko borroka eguna da gaurkoa. Askatasun politikorik existitzen ez den unibertsitatearen aurka borrokatzekoa, hain zuzen ere.

EHUk ikasle langileok zigortzearen eta erasotzearen adibide argienetako baten aurrean gaude. Aurreko ikasturtean campus honetan bertan bizi genuen poliziaren oldarraldia eta 34 ikasle atxilo eraman izana horren beste adiera garbia besterik ez da. Askatasun politikoen urraketa eta ikasleonganako eraso zuzen bat dira aipatutako gertakariok, eta inola ere ez dira gertakari isolatu eta arbitrarioak.

Ikustea besterik ez dago gaurko egunean Gasteizko Campusean bizi izan duguna. Manifestazioaren harira propaganda oro kentzeko agindua, ertzaintza campusetara sartu izana, dozenaka identifikazio, poliziaren presentzia itogarria, fakultateak itxita aurkitzea eta fakultatera sartzeko oztopoak, eta miaketak eta seguraten partetik jasotako jazarpena, batik bat.

Bien bitartean, EHU zigor legeak onartu eta sinatzen dabil. Pasa den ikasturtean indarrean jarritako Bizikidetza Legea kasu, zigorra gogortzeko helburua baitu, bai eta espedienteen gisako neurriak normalizatzea ere. Horrekin batera, ezin aipatu gabe utzi Delta segurtasun enpresaren aurrekontua ia bi milioi euro igo dela urtebetean.

Ezin dugu zigorra betearazteko prozesua erraztu duenaren aldetik borondate onik espero, eta horrez gain ezin dugu espedienteak atzera botatzeko borroka helburu bakartzat izan, aldiz, etorkizuneko erasoen aurrean ezinbesteko zaigun aurrerapauso bat bezala ulertu beharra daukagu.

Kriminalizatu nahi gaituzte eta biolentziaren inguruan hitz egiten dute. Baina unibertsitatera egunero gatozen ikasle langileon bizitzan ez dira gure fakultateko pintadak edo greba bateko piketeak biolentoak. Biolentoa dena da gradua amaitzeko dirurik ez izateagatik gradua utzi behar izatea, milaka eurotako matrikula ordaindu ostean. Biolentoa, orain arte beka jaso duten familiak dagoeneko irizpideetatik kanpo geratu eta dirulaguntza gabe gelditzea da, biolentoa, ikasketak eta lana uztartu ezinean dabilen ikasle horrek inolako laguntzarik ez izatea da.

Biolentoa da enpresek gure ikasketa norabidatzea, batzuen diru gosearen ondorioz ordaindu gabeko praktikak egiten jarraitzea. Horretan dabil EHU, pribatizatzen, geroz eta gutxiagoren aukera bilakatzen, elitizatzen eta ikasle langilea kanporatzen. Horretan sakontzen duten erreforma prozesuak seinalatzeagatik, borrokatzeagatik eta horren aurrean antolatzeagatik daude 30 ikasletik gora kanporatuak izatearen mehatxupean.

Horren guztiaren aurrean ezibestekoa da ikasle langileok gure baldintzen alde borrokatzea, eta horregatik, ikasle langileon antolakuntza independentera bidean aurrerapausoak ematea. Izan ere, baldintzen defenetsa ezin dugu ulertu EHUren marko burokratikoen baitan, zailtasun garbi bat baitago eskura jartzen dituzten baliabideen bitartez ikasle langileon interes errealak defendatzeko. EHUk ere badu ikasleon baldintzak okertzearen erantzukizuna, eta gainera baldintzak borrokatzeko antolatu den ikasleria zapaltzeko hautua egin du.

Gure eskariak garbiak dira:

1. Askatasun politikoak bermatzen dituen unibertsitatearen alde borrokatuko dugu.

2. Poliziak sarbiderik ez duen unibertsitatea exijitzen dugu.

3. Seguratek lekurik ez duten unibertsitatea exijitzen dugu.

4. Kamera eta kontrol sozialik gabeko unibertsitatea exijitzen dugu.

5. Eta 34 espedienteak atzera botatzea exijitzen dugu.

Askatasun politikoen alde, espedienterik ez!