M20 IKASLE LANGILEOK GREBARA

Ohar honen bitartez martxoaren 13ko ikasle greba martxoaren 20ra atzeratzen dugula adierazi nahi dugu. Izan ere, aurreko astean Euskal Herriko sindikatu nagusiek martxoaren 12an EAEko zerbitzu publikoetan greba egingo dutela adierazi zuten. Deialdi horrek, ondoren azalduko dugun bezala, ikasle greba behar bezala antolatzeko baldintzarik gabe uzten gaitu eta, horrenbestez, ikasle greba martxoaren 20an egitea erabaki dugu.

Gure ustez ikasle greba batek ikasle langileon aldarrikapenei ahalik eta zabalpen handiena emateko balio behar du. Heziguneetan guztiz isilduta nahi gaituztenen aurrean, kalera ateratzeko eta ikasle langileon aldarrikapenen alde borrokatzeko eguna da ikasle greba. Horrela, hezkuntza sistema kapitalistak duen joera merkantila eta autoritarioa salatzeko greba deitu genuen, horren antolaketak dakarren lan eskerga gure gain hartuz.

Horren haritik, ikasle greba aintzat hartu ez duen eta hauteskundeen testuinguruan kokatzen den sindikatuen grebak zuzenean eragingo luke ikasle greban, bai greba aurreko lanketari dagokionez, baita greba eguneko mobilizazioei zein zabalpenari dagokionez ere. Kontuan eduki behar da, gainera, instituzioei lotuta dauden sindikatuek baliabide gehiago dituztela heziguneetako zein komunikabideetako espazioak bereganatzeko, eta horrek independenteki antolatzen garen ikasleon deialdiak zein aldarrikapenak bigarren maila batean uzteko aukerak handitzen ditu.

Horrez gain, azken hilabeteetan sindikatuek behin baino gehiagotan egin dituzten deialdien aurrean, ikasle langileon interesak erdigunean jartzeko eta aldarrikapen iraultzaileak egiteko ikasle grebaren garrantzia berretsi nahi dugu. Gainera, hauteskundeen atarian kokatzen den heinean, sindikatuen deialdiak izaera alderdikoi handiagoa hartzen du. Kontrara, desmobilizazioa baino sortzen ez duen logika elektoralista eta parlamentarioen arabera egindako deialdietatik haratago, ikasle langileon kontzientzia politikoa hedatzen jarraitzeko bitartekoak behar ditugu, eta norabide horretan kokatu nahi dugu martxoaren 20an egingo dugun greba. Izan ere, hezkuntza sistemak errotiko eraldaketa behar du, eta horretarako hezigune guztietan hezkuntza sozialistaren aldeko kontzientzia indartuko duten deialdiak behar ditugu, eta ez politikari profesionalei presioa egiteko aldarrikapen korporatibistak.

Azaldu dugun guztiagatik ikasle greba martxoaren 20ra atzeratzea erabaki dugu, ikasle langileon zein hezkuntza sistema sozialistaren aldeko aldarriei ahalik eta zabalpen handiena emateko helburuarekin. Era berean, zerbitzu publikoetan baldintza prekarioetan, egonkortasunik eta babesik gabe lanean dabiltzan langile guztiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Azkenik, burubelarri lanean jarraituko dugu negozioak lehenesten dituen eta burokraten inposizioetan oinarritzen den hezkuntzari aurre egiteko eta ikasle langileon interesen alde borrokatzeko.

Negozioen eta inposizioen hezkuntza borrokatu!

Martxoaren 20an ikasle langileok grebara!